Nola atzerrira bidaiatu eta osasun arazo bategatik ez porrot egin

AEBetatik Espainiarako hegazkin medikalizatu bat 50.000 euro kostatzen da. Hegaldi erregularra ohatilan eta mediku batek lagunduta, 20.000 euro. Gaua Ameriketako Estatu Batuetako ospitale batean pasatzea, 3.500 euro.

Pertsona askok baliatzen dugu uda atzerrira bidaiatzeko. Zoritxarrez, espainiarrak ez gaude ohituta bidaia aseguru bat kontratatzen, legeak behartu ezean. Ekuadorrek, Kubak, Errusiak, Bielorrusiak, Aljeriak edo Iranek osasun gastuak, aberriratzea eta 24 orduko asistentzia estaliko dituen poliza bat kontratatzera behartzen dute.

Europa barruko joan-etorriak errazagoak dira Europako Osasun Txartela edukiz gero. Europar Batasuneko herrialde guztietan bermatzen du osasun arreta. Gizarte Segurantzara jota edo internet bidez eskura daiteke.

Nolanahi ere, txartel horrek ez ditu senideen joan-etorriak edota aberriratzea estaltzen. Horregatik, bidaia aseguru bat egitea aholkatzen dizugu. Osasun estaldura guztiez gain (joan-etorriak barne) ezinbestekoak izan daitezkeen 3 abantaila har ditzake barnean:

  • Bidaia ezeztatuz gero, ordaindutako dirua berreskuratuko duzu.
  • Bidaia etetea edo aldez aurretik itzultzea. Gozatu gabeko zati proportzionala itzuliko dizute.
  • Bagajea galtzea, atzerapenak eta besteri eragindako kalteen Erantzukizun Zibila.

Zuhurra izatea eta jan behar dituzun fruta edo barazkiak ongi garbitzea ere aholkatzen dizugu. Eta prestatu bidaia-botikin txiki bat ere, inork ebakirik eginez gero, inor hoztuz gero, buruko minez egonez gero edo inork tratamendurik jarraitu behar izanez gero erabiltzeko.