Espainiako biztanleak gero eta gehiago bizi dira. Gizon-emakumeok 80 urteko bizi-itxaropena gainditu dugu. Denbora gehiago dugu, baina mendekotasun egoera gehiagori ere egin behar diegu aurre, ez adinagatik bakarrik, baita gaixotasunengatik, istripuengatik, desgaitasunengatik edo mugengatik ere. Egoera horiek arintzeko, Mendekotasun Legea onartu zen 2006a; hala ere, azken urte hauetan “Mendekotasun Sistema Nazionalera” bideratutako aurrekontuak murrizketa latzak izan ditu, eta mendeko milaka eta milaka pertsona prestaziorik eta laguntzarik gabe geratu dira. Gaur egun, eskubide hori aitortuta duten 310.000 pertsona daude zerrendetan, arreta jasotzeko zain.
Behar horren zati bati erantzuteko, estaldura eskaintzen duten proiektu berriak proiektatzen hasi da aseguru-industria, errentaren, kapitalaren edo zerbitzu-ematearen bidez kalte-ordainak bermatzeko, aseguruduna mendekotasun egoeran badago. Hiru kasutan gertatzen da hori: fisikoki, psikikoki edo intelektualki mugatuta egoteagatik; eguneroko lanak norberak egiteko gaitasunik ez edukitzeagatik; edo hirugarren baten laguntza beharrezkoa izateagatik.
Nortzuk dira mendeko pertsonak?
Oinarrizko gauzak egiteko laguntza behar duten pertsonak: janzteko, jateko, euren burua txukuntzeko eta abar. Gazteak edo helduak izan daitezke, desgaitasunen bat edita gaixotasun kroniko edo aldi bateko bat duten pertsonak. Gutako edonor egon daiteke egoera horretan gure bizitzako uneren batean, edonori gerta dakiguke eta.
Zer ematen du aseguruak?
Kalte-ordainaz aparte (ordainketa bakar batean edo aldian behingo errenta gisa ordain daiteke), badira beste berme batzuk, familia-laguntza, besteak beste. Seme-alabak, gurasoak eta ezkontidea hartzen ditu barnean, eta orientazioarekin, aholkularitzarekin eta etxez etxeko laguntzarekin laguntzen zaie.
Ez dira nahitaezko aseguruak, baina bai gomendagarriak. Konplexuak ere ez dira, baina arretaz aztertu behar dira. Aurreikuspena da gure aholkurik onena, eta ongi aseguratuta egotea da aurreikuspen onena.